recordamourvos-humanityatmusic

Recordamur vos!

Aretxabaleta Abesbatzak, Goikobaluk eta Iubilo Bilbao Abesbatzak abesti bat grabatu dute pandemiaren biktimak omentzeko.

MONDRAGONek iaz sustatutako Humanity At Music-Sinfonia kooperatiboa egitasmoan parte-hartu zuten aipatu hiru abesbatzak berriro elkartu dira elkartasun proiektu honetan. Helburu argiarekin gainera; COVID19aren biktima guztiak omendu. Abestia requiem bat da, koronabirusaren eraginez hildako guztiei omenaldi bero bat, bereziki hil diren adineko pertsonak gogorarazteko sortutakoa. Alegia, alarma egoeraren ondorioz, heriotzari bakarrik aurre egin behar izan dioten pertsona horiei eta haien familiei aitortza abestia. Agur kanta bat da, hildako guztiei agur esateko era hunkigarria eta familia guztiei babesa eskaintzeko modu bat.

Abestiaren grabazioan Aretxabaleta Abesbatzako, Goikobaluko eta Iubilo Bilbao Abesbatzako abeslariek esku hartu dute, guztira 100 pertsona inguruk eta guztiek euren etxebizitzetan egin dute bakoitzak bere grabazioa. Ondoren, abesbatzetako kide bakoitzak grabatutako pieza batu, musika zein irudiak editatu eta requiem kantuaren ikus-entzunezkoa sortu da.

Proiektuak euskal kulturako zenbait kolaboratzaile ere izan ditu. Besteak beste; Jon Maya dantzaria (Kukai Dantza Taldea), Maite Olmos piano jolea, Ernesto Maestro musika ingeniaria eta Arteman Komunikazioa. Era berean, eskertzekoa da proiektuan inplikatu diren hiru abesbatzetako koordinatzaileek eginiko lana: Mariatxen Urkia, Iñaki Maidagan eta Igone Arteagabeitia. Abestiaren hitzak Jon Sarasuak idatzi ditu eta obra zuzendaria Fernando Velazquez konpositore getxoztarra izan da. 

Finean, kultura eragile ezberdinen, artista ugariren eta bestelako agenteen arteko interkooperazio proiektua izan da, oroitzeko eta omentzeko, elkartasunetik eta gertutasunetik, pandemian hil diren guztiak.