“Sinfonia kooperatiboa” Arrasateko udalak antolatutako “Udaberriko XV. Musikaldian”

“Humanity at Music- Sinfonia Kooperatiboa”-ren doinuak entzungo dira berriz ere asteburu honetan Arrasaten. Udalak udaberriari ongi etorria emateko antolatu izan duen Musikaldiaren barruan, aurtengo edizioan soinu banda kooperatiboa entzuteko aukera izango da. Emanaldia San Frantzisko elizan izango da 19:30 eta bertan izango dira Arrasate Musikaleko Orkestra, Goikobalu eta Arizmendi Ikastola Abesbatza.

Herriz herri: Maiatzaren 25ean Aretxabaletan
Bestalde, gogoratu behar da “Humanity Herriz Herri” dinamikaren baitan, hurrengo hitzordua Aretxabaletan izango dela, maiatzaren 25ean, Ibarra Kiroldegian 19:00tan. Aretxabaleta Abesbatza taldea, Leizarra Musika Eskolako haurren abesbatza, Arizmendi Ikastola Abesbatza eta Iubilo Bilbao  Abesbatza izango dira bertan, Arrasate Musikal Orkestrarekin batera eta Ikel Olazabalen zuzendaritzapean. Dantzan, berriz, Jeiki eta Leizarra Musika Eskolako dantzariak egongo dira eta baita Xabi Igoa
bertsolaria ere. “Humanity Herriz Herri” biraren hurrengo geldiuneak, Oñati (Ekainaren 9an), Iruñea (Ekainaren 20an) eta Tafalla (Ekainaren 26an) izango dira.

Eta Irailaren 14ean, denok Buesa Arenara
Humanity at Music-Sinfonia Kooperatiboa herriz-herriko biraren azken helmuga irailaren 14ko ekitaldi erraldoia da, Gasteizko Buesa Arenan. Bertan, 500 pertsona baino gehiagok parte-hartuko dute Sinfonia Kooperatiboan eta 15.000 pertsona elkartzeko asmoa dago egun osoko jaialdi kooperatiboan.