Onintza Enbeita, bertsolaria eta kazetaria.
Humanity at Music proiektuak diziplina anitzak jorratuko ditu bere baitan. Eta horien artean bertsolaritzak protagonismo berezia izango du. Onintza Enbeitak bertsoak egiteaz gain, bertsolarien parte–hartzea koordinatu du.
Labur–labur azalduko zeniguke zer den zuretzat Humanityat Music proiektua?
Kooperatibagintzaren balioak artearen bidez azaltzeko ahalegina da, berez. Proiektuan bertsoak ere lekua izatea oso ona da guretzat: balioak transmititzeko tresna egokia delako hitza eta bertsolaritzak berak, bertsozale elkartearen bidez, edozein langintzatan balio duten baloreak sortu eta transmititu dituelako.
Zein garrantzi du bertsolaritzak, euskal kulturaren sustrai lez, proiektuan?
Kooperatibagintza garrantzitsua izan da Euskal Herriko amaraun industrialean, eta horri omen egingo bazaio, edo mundura zabaltzeko ahalegina egingo bada, bertsolaritzak ere ahalegin horretan egon behar du. Bertsolaritza ere, kooperatiben moduan, gugandik mundura zabaltzeko berezitasuna delako.
Zer da transmititu nahi izan duzuena?
Balioak. Elkarlana kooperatiben oinarrian dagoen moduan, bertsolaritzaren oinarrian ere badago. Gaia, liburuaren sustatzaileek eman digute, baina balio asko garrantzitsuak dira gure jardunean ere.
Proiektu parte–hartzailea sustatu nahi da. Zer esango zenieke kooperatibetako kideei proiektuarekin bat egiteko?
Egiten duten horretan sinisten badute, merezi duela zabaltzeko ahalegina egiteak. Lanaren bidez erakutsi diguten hori, beste espresio batzuen bidez erakusteak lagundu egingo digula guztioi.